2022(e)ko maiatzaren 17(a), asteartea

Ba al zenekien... Marveleko komiki batean euskal itsaslapur bat agertzen dela?


Ba al zenekien...
Marveleko komiki batean
euskal itsaslapur bat agertzen dela?

"Doctor Strange: Azti Nagusia"-ren lehenengo liburukiko 17. zenbakian (1990), zehazki. Bertan jasotzen den istorioetako batean, "Vishanti-aren liburua: Vodû-aren marka. II. atala" (Roy Thomas eta R.J.M. Lofficier-ek idatzia eta Geof Isherwood-ek marraztua), Karibeko itsaslapurretaz hitz egiten dute. Garrantzitsutzat dituzten bosten artean, MITXEL ETXEGORRIA agertzen da, "Michael the Basque" izenez.

MITXEL ETXEGORRIA, "le Basque" bezala ezaguna, Donibane-Lohizuneko semea eta "Probidentzia"-ren kapitaina, Karibe itsasoko itsaslapur ezagunenetariko bat izan zen. Bereziki 1666an Marakaibo portu aberatsa arpilatu zuenean, François "Olondarra" ("l'Olonnais") kapitainarekin eta 400 itsasgizonekin batera, berak lurreko erasoa gidatuz. Hurrengo urtean berdina egin zuen, orduan bere 40 gizonekin bakarrik. Indietako Kartagenako gobernadoreak ontzidi bat bidali zuen bere atzetik, eta Mitxelek garaile atera eta ontziekin geratu zen, gobernadoreari bere eskerrak helaraziz gutun baten bidez.

Euskal Herrian hain ezaguna ez bada ere, komiki honetan aipatzea oso esanguratsua da, historiografia amerikarrean bere lekua irabazi duenaren seinale.