2022(e)ko maiatzaren 31(a), asteartea

Ba al zenekien... 1366an Araba eta Gipuzkoa Nafar Erresumara itzuli zirela?

Ba al zenekien... 1366an Araba eta Gipuzkoa Nafar Erresumara itzuli zirela?

1366an, ingelesen eta frantsesen arteko Ehun Urteko Gerraren bitartean, Enrique II.ak bere anaiorde Pedro I.ari Gaztelako koroa atzeman zion. Pedrok Baionara jo zuen ingelesen eta bere aliatu nafarren laguntzaren bila. LIBOURNEKO HITZARMENA sinatu zuen Galeseko Edward printzearekin eta Nafarroako Karlos II.arekin (Evreux). Gastu militarrei aurre egiteko 56.000 florin jasotzeaz gain, Nafarroako Erresumak Araba, Gipuzkoa eta Errioxa berreskuratu zituen. Baina Enrique II.ak bere anaiordea hil zuen Montieleko gazteluan 1369an. Hau dela eta, lurralde nafarrak bueltan eskatu zituen, eta 1373ko Boulogne kardinalaren epaiak arrazoia eman zion.

Ez zen izango herrialde hauen nafartasuna Gaztelarekin mahaiaren gainean jartzen zen azkeneko aldia.

Adibidez, 1516ean, Nafarroaren konkista espainoletik lau urtetara, Iruñean ospatutako Gorteen eskakizunen artean, Erresumari Gaztelak aurretik lapurtutako lurraldeen itzulpena zegoen: Araba eta Gipuzkoa (1200), eta Los Arcos eta Sonsierrako eskualdea (1463). Donamaria eta Oskariz beaumondarrek eskari hau beste biekin batera eraman zuten Buselaseraino, Karlos I.arekin eztabaidatzeko. Informazio falta agurdiatuz, eta aztertuko zuelakoan, ez zien inoiz erantzunik eman.

Infomazio gehiago: ''Libourne 1366: Nafarroa birbatu zeneko'' (laburpen historiko bat)

2022(e)ko maiatzaren 30(a), astelehena

2022(e)ko maiatzaren 26(a), osteguna

''1512-1530: Nafarroako konkista'' laburpen historiko bat

Oiartzunen antolatu ditugun Herri baten erresistentzia jardunaldiak direla eta, 1512ko Nafarroako konkistaren hurrengo laburpen historikoa prestatu dugu:

1512-1530: Nafarroako konkista

(pdf formatuan deskargatzeko)
egilea: Trikuharri Kultur Elkartea
orrialdeak: 8


2022(e)ko maiatzaren 17(a), asteartea

Ba al zenekien... Marveleko komiki batean euskal itsaslapur bat agertzen dela?


Ba al zenekien...
Marveleko komiki batean
euskal itsaslapur bat agertzen dela?

"Doctor Strange: Azti Nagusia"-ren lehenengo liburukiko 17. zenbakian (1990), zehazki. Bertan jasotzen den istorioetako batean, "Vishanti-aren liburua: Vodû-aren marka. II. atala" (Roy Thomas eta R.J.M. Lofficier-ek idatzia eta Geof Isherwood-ek marraztua), Karibeko itsaslapurretaz hitz egiten dute. Garrantzitsutzat dituzten bosten artean, MITXEL ETXEGORRIA agertzen da, "Michael the Basque" izenez.

MITXEL ETXEGORRIA, "le Basque" bezala ezaguna, Donibane-Lohizuneko semea eta "Probidentzia"-ren kapitaina, Karibe itsasoko itsaslapur ezagunenetariko bat izan zen. Bereziki 1666an Marakaibo portu aberatsa arpilatu zuenean, François "Olondarra" ("l'Olonnais") kapitainarekin eta 400 itsasgizonekin batera, berak lurreko erasoa gidatuz. Hurrengo urtean berdina egin zuen, orduan bere 40 gizonekin bakarrik. Indietako Kartagenako gobernadoreak ontzidi bat bidali zuen bere atzetik, eta Mitxelek garaile atera eta ontziekin geratu zen, gobernadoreari bere eskerrak helaraziz gutun baten bidez.

Euskal Herrian hain ezaguna ez bada ere, komiki honetan aipatzea oso esanguratsua da, historiografia amerikarrean bere lekua irabazi duenaren seinale.

2022(e)ko maiatzaren 11(a), asteazkena

''HERRI BATEN ERRESISTENTZIA'' marrazki lehiaketa Oiartzunen

HERRI BATEN ERRESISTENTZIA

MARRAZKI LEHIAKETA


OINARRIAK

1. GAIA: Amaiurko gaztelua edo bertan burutu zen erresistentzia 1522an.

2. PARTE HARTZAILEAK: 6tik 12ra urte arteko oiartzuarrak.

3. FORMATUA: A4 tamainako kartulina.

4. EPEA: maiatzaren 13tik ekainaren 3ra.

5. ENTREGA: Urrats liburudendan, bere ordutegian: astelehenetik ostiralera 09:30-13:00/16:30-19:30 eta larunbatetan 09:00-13:00.

6. DATUAK: Marrazkia sinatu daiteke, eta atzeko aldean izena edota abizena jarri beharko da, sarientzako kontaktatzeko telefono zenbaki edo helbide elektroniko batekin batera.

7. SARIAK: ekainaren 6an Arizmendi Enean, jardunaldien aurkezpenarekin batera, lehiaketako parte hartzaileen artean zozketa bat egingo da:

-1. saria: "Amaiur! Libera State" komikia (Asiskok sinatua), "1512ko Nafarroako konkista" karta-jokoa, koloreztatzeko koaderno bat eta euskal itsaslapurren lau pin desberdin.

-2. saria: "1512ko Nafarroako konkista" karta-jokoa, koloreztatzeko koaderno bat eta euskal itsaslapurren lau pin desberdin.

-3. saria: koloreztatzeko koaderno bat eta euskal itsaslapurren lau pin desberdin.

8. ERAKUSKETA: ekainaren 6tik 19ra, jardunaldien bi astetan, Fermiñenen marrazki guztiak ikusgarri egongo dira.

2022(e)ko maiatzaren 6(a), ostirala

''HERRI BATEN ERRESISTENTZIA'' jardunaldiak ekainean Oiartzunen


HERRI BATEN ERRESISTENTZIA

jardunaldiak ekainean Oiartzunen

Amaiurko erresistentziaren 500. urteurrena dela eta, Trikuharri Kultur Elkarteak, Beloaga Bizirik Elkarteak eta Oiartzungo Udalak 1512an hasi zen konkista saio berria gogora ekartzeko jardunaldi batzuk prestatu ditugu. Oraindik askok ukatu nahi duten eraso militarraz arituko gara, eta bereziki nafar herriak bere nortasuna, independentzia eta eskubideen aldeko erresistentzia borrokaz. Horretarako Beñi Agirrek hitzaldi bat eskainiko digu 18 urteetan zehar luzatu zen konkista eta deskonkista saiakera desberdinei buruz, Asisko Urmenetak "Amaiur! Libera State" bere komiki berria aurkeztuko du, eta tartean, Joxemari Iturriotzek Erdi Aroko Oiartzungo leku esanguratsuenetara eramango gaitu: Beloagako gaztelua eta Huarte leinu ganbotarraren dorretxearen kokalekura, beren historian murgilduko gaituen ibilaldi batean. Jardunaldi hauen bitartean, bi asteetan zehar Arizmendi Enean ikusgarri egongo da 14 panelez osatutako "Habitat: ezkutatu diguten historia" erakusketa, non, besteak beste, Nafarroako Erresumaren gazteluak non zeuden ikusteko aukera izango dugu.

Baita ere, Amaiurren historia txikienei gerturatzeko ere, marrazki lehiaketa bat antolatu dugu. Parte hartzaileek zozketa bidez sari desberdinak irabaziko dituzte, eta bere lanak jardunaldien bi astetan zehar ikusgarri egongo dira: lehiaketaren oinarriak.

- - PROGRAMAZIOA - -

Ekainaren 6an (astelehena): 
JARDUNALDIEN AURKEZPENA ETA ERAKUSKETARI* BISITA GIDATUA
19:00etan Arizmendin

Ekainaren 8an (asteazkena)
"1512-1530: NAFARROAKO KONKISTARA HURBILDUZ"
hitzaldia Beñi Agirrerekin
19:00etan Arizmendi Enean

Ekainaren 12an (igandea):
"ERDI AROKO OIARTZUNDIK IBILALDIA: BELOAGA ETA HUARTE"
Joxemari Iturriotzek gidatua
10:00etan Herriko Plazatik

Ekainaren 17an (ostirala):
"AMAIUR! LIBERA STATE"
komikiaren aurkezpena Asisko Urmenetarekin
19:00etan Manuel Lekuona Bibliotekan

*"HABITAT: EZKUTATU DIGUTEN HISTORIA" erakusketa ikusgarri egongo da 6tik 19ra Arizmendi Enean!